Pobre eta Umil Eliz Bokazioan,
Itxaropen Profezia

Sustraiturik gauden tradizio fededunak lurraren erraietan ereiten gaitu, promes eta indar askatzaile modura. Fedea historia zaigu, ekintza, salbamen, herri, gizateria. “Ongi ikusia dut nire herriaren atsekabea, ohartu naiz haien oinazeaz, eta libratzera etorri naiz, lurralde honetatik, esnea eta eztia darizkion lurralde zabal eta jori batera igoaraztera”. Pertsona bakoitza errealaren jatorri eskuzabala da bere bakoiztasunetik, egoera historikotik eta barnetasunetik, eta harreman eta komunio sortzailea da. Itxuratzen eta zehazten duen gizarte lekuaren oparotasun eta hauskortasunetik agertzen da. Gure gizarte dinamismoa singulartasun eta autonomietan azaltzen da, gizarteratzeko eta erlazionatzeko tokiak sortzeko energiatik. “Jainkoarenganako, Jesukristo gure Jaunaren Aitarenganako fedeak” bihotzekotasunez eta elkarrekiko inplikazioz blaituriko lekuak sortzeko grina ekarri behar digu. “Non da anaia?” Ebanjelioa anaitasun eta konfiantza eratzaile gisa, horiek egiten baikaituzte duintasun eta pertsonen eta herrien oihu eta nahian badatorren Jainkoaren lekuko. Alternatiba eta itxaropen-indarra izan nahi dugu, lurreko hauskortasun, umiliazio eta justiziarik ezaren erdian.

Pentsamendu-eragile eta indar askatzaileen prozesu-ezartzaile izango den gizarte lanaren hautua egiten dugu. Ekintzak pentsamendua eskatzen du. Egitasmoak, beren kritikotasun eta eraginkortasunean berean, gaikuntza eta oinarritze bulkada batean finkatzen dira. Esperientzia existentzialen dimentsio profetikoan sinesten dugu, errealaren eta daitekeenaren ulertze-maila berrietan pizten baikaituzte. Errealitate umiliagarrien konplexutasunetan barrena egiteak kontzientziatze eta gordean dituzten aukeren ezagutza maila berriak dakartza. Jasandako egoerek eta esperientzia kritikoek energia eta duintasun zein justizia sentimenduak sortzen dituzte.

Dimentsio soziokulturala erreinuaren presentzia da, ebanjelizazio dinamismoa, Espiritu igurtze bat, ikur, ekintza eta gaur egunekoari itxaropen-promesa irekitzen dion etorkizun horren profezia bihurtzen gaituena. Alternatiba humanizatzaile apal gisa gabiltza historian barrena, beste ekimen batzuekin irekitasun eta elkarrizketan, osagarritasun eta elkarlan zintzoan. Harreman-gaitasun eta komunikazio benetan elkarren mendeko eta egiturazkoan itxuratzen gaituen kontzientzia global baterantz goaz, justizia, aberastasun eta gizartea sortzeari emandako gizateria bakar bihurtuko gaituena.

“Jainko Jaunak gizona hartu eta Edengo baratzean ezarri zuen, landu eta zain zezan” (Has 2,15). Ezagutzak erantzukizun eta etika sakontasun maila berrietan kokatzen gaitu. Botere eraikitzailea handituz doan neurrian, kritikotasun, osotasun eta oinarritze jarrerak eskatzen zaizkigu. Zientziak, bere ahalmenaz, kosmosarekiko komunio kontzientzia berria galdatzen digu. Subjektibotasunaren finkatze gero eta handiagoan, neurrigabetasun eta posibilitate bihurtzen da materia, komunio interakzio gero eta indartsuagoan. Integrazioaren aldeko, eta gizaki eta kosmosaren arteko elkarrizketa sakon eta sortzailea bilatzeko aukera egiten dugu. Ardurak eta doakotasun sentimenduak itxuratuko dute mundu izateko ditugun aldarte eta bizi-jarrera. Kosmosarekiko eta han bizi den guztiarekiko harreman zuzen eta bizikidetzakoak sustatzeko lan egiten dugu. Bizitzaren eta unibertsoaren dohaina iraunkorra izan dadin borrokatzen gara.